2012an 500 urte beteko dira gure independentzia galdu genuenetik, berreskuratzeko garaia heldu da.

Saturday, October 16, 2010

1512-2012 oroitzapenetik harago... independentzia (Foren Aoiz)

“Hauxe gertatu zaigu estaturik gabeko euskaldunoi ere. Estaturik gabe izanda, beren menpe hartu gaituzten estatuek sortu dute beren oroitzapen ofiziala, gurea estaliz edo ukatuz. Betidaniko espainiar edo frantziar bilakatu gaituzte. Gurearen ordez, beren interesen araberako oroitzapena inposatu digute, Historiaren izen harroaz”.

Ulertzen ahal dugu oraina iragana ahantzita? Bizitza oroituz eta ahaztuz bideratzen da. Gertaera, bizipen, sentimen, pertsonak gordetzen ditugu gure gogoan, ala, berriz, baztertu egiten ditugu. Nahita, batzuetan, konturatu gabe besteetan. Maila kolektiboan halaxe gertatzen da ere, baina sarritan, ez da libreki hartzen den erabakia, ezarpena baizik. Estatu guziek bereganatu nahi izaten dute oroitu eta atzendu beharrekoa bereizteko zilegitasunaren monopolioa. Estatuak bere oroitzapena mugatzen du eta herriari inposatu nahi izaten dio. Herriak estatuak nahi duena oroit dezan.

Hauxe gertatu zaigu estaturik gabeko euskaldunoi ere. Estaturik gabe izanda, beren menpe hartu gaituzten estatuek sortu dute beren oroitzapen ofiziala, gurea estaliz edo ukatuz. Betidaniko espainiar edo frantziar bilakatu gaituzte. Gurearen ordez, beren interesen araberako oroitzapena inposatu digute, Historiaren izen harroaz. Espainia eta Frantziaren Historian ito gara euskaldunok, gure oroitzapenerako betarik ezin aurkituz. Edo beste horien Historian zirrikituak bilatzeko asmoak lotuta. Menpekotasunean murgidulta, beraz.


Ezin genuen espero gure naziotasuna ukatzen dutenek gure oroitzapena berreskuratzea. Baina euskaldunok ere sorbalda erakutsi diogu gure iraganari. Zorigaitzez, Aranatarren nazionalismoa abiatu zenean, Bizkaiko burgesiaren ikuspegiaren araberako historiaren irakurketa zabaldu zen, hots, karlisten eta aurreko eliteen ideologien paktismoaren iturrietatik edan zuena. Horrela, euskal estatuen independentziaz hitz egiten zen, eta ontzat ematen zen –penintsulaz ari garelarik– estatu hauek Gaztelarekiko itunen bitartez lotu zirela espainiar monarkiarekin. Euskal nazionalismo honen hodeiertza, independentzia aipatu arren, itun horien egokipena zen.
Euskal estatuak asmatuz, euskal estatua ahanzten zuten. Bizkaiko burgesia horrek ez zuen Nafarroa izeneko estatuaren ikurrari zentraltasuna emateko inolako asmorik. Bestalde, garai berean Nafarroan sortzen ari zen bestelako berpiztean (Kanpion, beste euskaroak…) nagusitzen zen norabidea ez zen independentziarena. Gauzak horrela, nazionalismo horrek ez zuen uztartu bere egitasmoan Nafarroako estatuaren ibilbide historikoaren aberastasuna. Beharbada, nazio ikuspegirik ez zutelako; agian ez baitzuten independentzia eskuratzeko benetako borondaterik. Ez da horretaz luze eta sakon aritzeko une egokiena, baina EAJren nazionalismoak hartu zuen bideak Euskal Herriaren independentzia, iraganaren ikur nagusia, baztertu zuen. Erabaki honen ondorioak oso larriak izan dira, ene ustetan, batez ere –baina ez soilik– Nafarroan.

1512ko konkistaren urteurrena aukera ederra da gure herriaren iragana hobe ezagutzeko, Historia ofizialaren gezurrak agerian uzteko, finean. Halaber, aspaldi abian jarritako euskal nazionalismoaren berritze-egokipen bidean, iraganari bestela so egiteko parada eskaintzen du urteurren honek. Izan ere, XXI. mendean euskal independentzia nahi duten talde eta pertsonek ezagutu beharko lukete izan genuen estatua, baita nola kendu ziguten ere. 1512ko erasoa eta ondotik piztu ziren independentzia berreskuratzeko borrokak aintzat hartzekoak baitira, zalantzarik gabe.
Nire ustetan, independentzia eskuratzeko eskubidea ez dago iraganaz lotuta. Naziotasuna eta herriaren borondatea dira gakoak, berriz. Finean, estatua osatzeko eskubidearen baldintza aurretik izana baldin bada, estatu guziak zilegitasunik gabekoak dira, noizbait sortu baitira lehen aldiz, aurretik estatu ez zirelarik. Garai batean, iragana zilegitasun iturburu nagusia zen. Gaur berriz, borondateari ematen diogu lehentasuna, eta hau aurrerapen handia da, aunitzetan hitzetatik errealitatera pasatzen ez den arren.

Euskaldunok estatua osatzeko eskubidea dugu herri bat garelako, eta libre izan nahi dugulako. Baina, gertatzen da estatua izan genuela eta indarrez kendu zigutela. Eta gertatzen da kendu zigutenek eta gure miseriek lainotu dutela estatu horren oroitzapena. Eta gertatzen da estatu horren izena, Nafarroa, erabiltzen dela Euskal Herria zatitzeko, “nafartasuna” bilakatu nahi izan dutelako euskalduntasunaren ukapen bidea, Nafarroa eta Euskal Herria elkar kontrajarriz. Gertatzen da, halaber, pairatutako konkista itun aske bilakatu dutela eta sinestarazi nahi izan digutela gure aurrekoek erabaki zutela Frantzia eta Espainiarekin bat egitea.

Hau dena oroitzea komenigarria da, iragana ezagutzeko eta libre izateko eskubidea ukatzen duten estatuak nola ibili diren ikusteko. Komeni da gaur egungo eztabaidan erabiltzen diren argudio aunitz beren lekuan jartzeko. Adibidez, agerian uzteko Nafarroaren nortasunaren etsaia ez dela euskal abertzaletasuna espainiar eta frantziar zapalkuntza egitasmoak baizik. Nafarroa ez zela inoiz ere libreki batu Espainiarekin, konkistatua izan zela, eta konkista hura bortitza eta krudela izan zela eta asko kostatu zitzaiela erasotzaileei Nafarroa bereganatzea. Finean, armak izan zirela Nafarroaren independentziari bukaera eman ziotenak. Indarkeriaz aritzeko euskarri interesgarria dugu hau, bestalde. Estatua indarkeriaz kendu zigutenek esaten baitigute ez dela zilegia estatu bat indarkeriaz osatzen saiatzea.

Ez dugu gure iragana mitifikatu behar, baina ezagutu, bai. Geroak kezkatzen gaituelako. Bestelako etorkizuna eraiki nahi dugulako. 1512ko konkista eta oro har gure estatalitatearen galera tragedia nazionala izan zelako. Estatua behar dugulako XXI. mendeko euskaldunok. Ez, jakina, 1512an nahiz beste data batzuetan desegin ziguten estatu bera, baina bai gurea, euskaldunok libreki erabakitzen duguna. Izan zirelako gara. Duela bost mende etsai boteretsuen aurrean gure estatuaren ikurra altxatu zuten horiek oroitzea ez da nostalgia hutsa, ezta anakronismoa ere, libre izateko ametsaz lotutako oroitzapena baizik. Independentzia nahi dugunon gogoan gorde beharreko ikurra.

No comments:

Post a Comment